- aurrezpena
- etorkizuna
- segurtasuna
Erretiro aurreratua: dirua galaraz diezazuketen 8 akats
Erretiroa aurreratzea gero eta baloratuago dagoen hautua da euren lan-bizitza lehenago amaitu eta bizi-etapa berri bati lehenbailehen ekin nahi diotenen artean. Nolanahi ere, erabaki hori plangintza egokirik gabe hartzeak ondorio nabarmenak izan ditzake etorkizuneko diru-sarreretan.
Jubilazioa aurreratzeak berekin dakar pentsioaren zenbatekoan aldaketak onartzea, balizko zigor-koefizienteak pairatzea eta metatutako aurrezkiaren kudeaketa zorrotzagoa egitea. Hori dela eta, ohikoenak diren akatsak ezagutzeak segurtasun handiagoz erabakitzen laguntzen du.
Jarraian, erretiro aurreratua planteatzean gertatu ohi diren oker nagusiak eta horiek saihesteko moduak aztertuko ditugu.
1. Pentsioan izango duen benetako eragina ez ezagutzea
Akatsik ohikoenetako bat jubilazioa aurreratzean pentsioa nola murrizten den aintzat ez hartzea da.
Zigorrak iraunkorrak izan daitezke eta bizi guztiko diru-sarrerei eragin diezaiekete. Pertsona askok gutxietsi egiten dute inpaktu hori, eta zenbat kobratuko duten zehatz-mehatz jakin gabe hartzen dute erabakia.
Hori saihesteko, GEROAtik pentsioaren estimazio errealista bat eskatzea eta erabaki bat hartu aurretik agertoki ezberdinak aztertzea gomendatzen dizugu.
2. Kotizatutako urteak xehetasunez ez berrikustea
Batzuetan, beharrezko gutxieneko kotizazio-aldia betetzen dela ziurtatutzat jotzen da, zehaztasunez egiaztatu gabe. Zenbatu gabeko aldi laburrek erabat alda ditzakete erretiro-baldintzak.
Akats arrunta da kotizazio-hutsuneak edo azken kalkuluan eragina izan dezaketen aldi partzialak ez orraztea.
3. Epe laburrean bakarrik pentsatzea
Aisialdi gehiago izateko gogoak orainaldia lehenestera bultza gaitzake, epe luzea behar bezala baloratu gabe. Erretiroak 20 edo 30 urte iraun dezake, eta hausnartu gabeko erabaki batek estutasun ekonomikoak sor ditzake gerora.
Pertsona batzuek egungo egoeraren arabera kalkulatzen dituzte euren beharrak, etorkizuneko aldaketak kontuan hartu gabe. Osasunari, etxebizitzaren mantentze-lanei edo familia-laguntzari lotutako gastuek gora egin dezakete denborarekin.
4. Erretiroa intuizioz aurreratzea eta ez plangintzaz
Neke-sentsazio hutsagatik edo unean uneko aukera bategatik erretiroa hartzea, atzean finantza-plangintzarik izan gabe, oreka falta sortzen du epe ertain eta luzera.
Plangintza egoki batek funtsezko galdera hauei erantzuteko bidea ematen du:
- Zenbat kobratuko dut benetan?
- Zenbat denboraz beharko dut diru-sarrera hori?
- Nahikoa al da nire bizi-mailari eutsi ahal izateko?
5. Pentsioa prreko aurrezkiekin ez osatzea
Akats handienetako bat pentsio publikoan soilik fidatzea da, aurrez finantza-osagarririk prestatu gabe. Pentsio publikoa sistemaren oinarria bada ere, baliteke nahikoa ez izatea erretiroa aurreratzean bizi-maila berari eusteko.
Jubilazio aurreratuak diru-sarrera hori behar den denbora-tartea luzatzen du; beraz, aurrezkirik ez izateak tentsio ekonomikoa eragin dezake.
6. Eragin fiskala ahaztea
Pentsioa ez da diru-sarrera neutroa, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergan (PFEZ) tributatzen baitu. Askok ez dute aintzat hartzen soldata jasotzetik pentsioa jasotzera igarotzean euren egoera fiskala nola aldatzen den, eta horrek erabilgarri dagoen benetako diru-sarrera garbiari eragin diezaioke.
Alderdi hori ez planifikatzeak behar baino zerga gehiago ordaintzea ekar dezake. Hori ekiditeko, GEROAtik eskuragarri dauden aukerak aztertzea gomendatzen dizugu, erreskateak modu eraginkorrean bideratzeko.
7. Erretiro partziala alternatiba gisa ez baloratzea
Kasu batzuetan, lan-mundua erabat uztea ez da aukerarik onena. Erretiro partzialak lanaldia murriztea eta diru-sarrerak aldi batez bateratzea ahalbidetzen du.
Honek guztiak lagundu dezake:
- Diru-sarrera egonkorragoak mantentzen.
- Aldaketak dakarren eragin ekonomikoa arintzen.
- Erretirora pixkanaka egokitzen.
8. Aholkularitza espezializaturik ez izatea
Hau izan daiteke akatsik larriena: erabaki konplexuak adituen laguntzarik gabe hartzea. Araudia, koefiziente murriztaileak eta dauden aukerak aldatu egin daitezke egoera pertsonal bakoitzaren arabera.
Ikuspegi orokorra izateak prezipitatutako erabakiak saihesteko eta erretiroaren azken emaitza hobetzeko aukera ematen du.
Gaur planifikatu, bihar hobeto erabakitzeko
Erretiro aurreratua aukera egokia izan daiteke kasu askotan, baina plangintza, informazioa eta ikuspegi errealista behar ditu.
Akats hauek saihesteak erabaki zuzenagoak hartzea, etorkizuneko diru-sarrerak babestea eta denboran zehar lasaitasunari eustea ahalbidetzen du.
GEROAn prozesu horretan bidelagun izateko lan egiten dugu, aurreikuspena sustatuz eta erretiro seguruagoa eta jasangarriagoa eraikitzen lagunduz. Izan ere, aurrea hartzea ez da soilik noiz erretiratu erabakitzea, etorkizuna ondo planifikatuta dagoela dakizun konfiantzaz egitea baizik.
- Jubilazioa
- aurrezpena
- etorkizuna
- segurtasuna