- segurtasuna
- etorkizuna
- prestazioak
Erretiroan bidaiatzea: nola zaindu zure osasuna eta lasaitasuna helmuga bakoitzean
Erretiroak oso itxarondako etapa bat irekitzen du: denbora gehiago, askatasuna eta lehen egiteke geratzen zena egiteko aukera gehiago. Plan horien artean, bidaiatzeak leku berezia du.
Aste Santua gertu izanik eta udako bidaiak planifikatuta, erretiratu asko hasi dira ihesaldiak, bidai kulturalak edo egonaldi luzeagoak antolatzen. Bidaiatzea etapa berri honetaz gozatzeko modu zoragarria bada ere, aurreikuspenarekin egiteak esperientzia lasai baten eta ezusteko garestien arteko aldea markatzen du.
Ilusioz bidaiatzea, bai, baina baita planifikazioz ere.
Erretiroa: helmuga berriak aurkitzeko unerik egokiena
Erretiroaren onura handienetako bat malgutasuna da:
- Goi-denboralditik kanpo bidaiatzeko aukera.
- Denbora gehiago bidaiak presarik gabe antolatzeko.
- Norberaren beharretara egokitu daitekeen erritmoa.
- Kalitate-prezio erlazio hobea helmuga askotan.
Askatasun horri esker, hobeto aukera daiteke noiz eta nola bidaiatu. Baina, hain zuzen ere, orain denborak balio handiagoa duelako, merezi du aldez aurretik ondo antolatuta babestea.
Gozamena eta aurreikuspena ez dira kontrako kontzeptuak, elkarren osagarri baizik.
Bidaia-asegurua: zer begiratu bidaiatu aurretik
Edozein aseguruk dena estaltzen duela pentsatzea da akats ohikoenetako bat. Poliza guztiak ez dira berdinak, eta komeni da zehatz-mehatz aztertzea:
- Helmugako osasun-estaldura.
- Laguntza medikoaren muga ekonomikoak.
- Osasun-lekualdaketa edo aberriratzea.
- Aurretik dauden gaixotasunen estaldura.
- Arrazoi medikoengatik bidaia bertan behera uzteko aukera.
Bidaia nazionalak
Estatuaren barruan, osasun-estaldura publikoa bermatuta dago. Hala ere, komenigarria izan daiteke ezeztapenak, ekipajearen galera edo bestelako gorabeherak estaltzen dituzten aseguruak baloratzea.
Bidaiak Europan zehar
Europako Osasun Txartela (EOT) ezinbestekoa da. Helmugako herrialdeko osasun publikora sartzeko aukera ematen du, bertako herritarren baldintza beretan. Hala ere, ez du bidaia-aseguru osoa ordezkatzen, ez baititu aberriratzea edo bestelako gastu guztiak estaltzen.
Europar Batasunetik kanpoko bidaiak
Kasu honetan, bereziki garrantzitsua da osasun-estaldura ona duen bidaia-aseguru bat izatea. Herrialde batzuetan, mediku-kostuak handiak izan daitezke.
Eraman beharreko agiri medikoak
Bereziki patologia kronikoak edo tratamendu jarraituak badaude, gomendagarria da osasun-karpeta txiki bat prestatzea dokumentu hauekin:
- Osasun txartela eta Europako Osasun-Txartela.
- Medikuaren txosten eguneratua.
- Ohiko medikazioen zerrenda.
- Erreferentziazko kontaktu medikoak eta aseguruaren datuak.
Informazio hori eskura izateak edozein kudeaketa errazten du, behar izanez gero.
Medikazioa eta tratamenduak: hobe aurrea hartzea
Xehetasun txikiak diruditen arren, arazo handiak saihets ditzakete:
- Egonaldirako behar adina botika eramatea.
- Hegazkinez bidaiatuz gero, botikak eskuko ekipajean eramatea.
- Errezetak edo mediku-txostenak gordetzea.
- Helmugako herrialdean murrizketarik dagoen aztertzea eta ordutegiak egokitzea.
“Senior-friendly” helmugak eta ostatuak
Norakoa aukeratzea ere plangintza arduratsuaren parte da. Lasaitasuna ematen duten ezaugarri batzuk: osasun azpiegitura ona, garraio irisgarria, ostatu egokituak, segurtasuna, erritmo kultural eta turistiko lasaia eta hiri-ingurune irisgarriak.
Bidaiatzeak ez du zertan nekagarria izan. Erritmo errealista bat planifikatzeak, atsedenaldi eta denbora malguekin, gehiago gozatzen eta arriskuak murrizten laguntzen du.
Gizarte-aurreikuspen osagarrian bezala, aurrea hartzea da etorkizuneko lasaitasuna irabazteko modurik onena. GEROAn badakigu erretiroko ongizatea denboran zehar eraikitzen dela, lan-bizitzan zehar egindako ahalegin txiki iraunkorren bidez. Aurreikuspen horrek askatasun handiagoz gozatzea ahalbidetzen du orain.
Izan ere, erretiroan bidaiatzea ez da leku batetik bestera mugitzea bakarrik; segurtasunez, autonomiaz eta dena ondo antolatuta dagoen konfiantzaz egitea da.
- Jubilazioa
- segurtasuna
- etorkizuna
- prestazioak