- segurtasuna
- etorkizuna
Finantza-iruzurren prebentzioa adineko pertsonetan: nola babestu zure aurrezkiak
Iruzurrak eta ziberiruzurrak areagotzen ari dira Espainian, bereziki udan, deien eta SMSen bidez. Edonor izan daiteke zibergaizkileen biktima, baina bereziki adinekoek eta erretirotik hurbil daudenek joera handiagoa dute beren sarean erortzeko, bai erosteko ahalmenagatik, bai teknologia berriak ondo ezagutzen ez dituztelako. Hori dela eta, geure burua babestu behar dugu eta zibersegurtasuna indartu, pertsonen aurrezkiak iruzurgileen helburua dira eta. Prebentzioa, babesa eta plangintza funtsezkoak dira ezustekorik ez izateko.
Adinekoen aurrezkiak, pentsioak eta aktibo egonkor samarrak iruzurgileak erakartzen dituzte. Hauek pertsona askoren bakardadeaz aprobetxatzen dira solaskideek sor dezaketen konfiantzagatik, laguntzeko edo boterea duten pertsonetan sinesteko joerak manipulazioa errazten du. Gainera, arrakala digitala eta alfabetizazio teknologiko txikiagoa dela eta, ezagutza gutxiago dute online iruzur seinaleei buruz. Hori gutxi balitz, zenbait kasutan narriadura kognitibo arinak engainuak detektatzeko eta finantza-erabaki konplexuak hartzeko gaitasuna murriztu dezake.
Hona hemen gaur egun ezagutzen ditugun iruzur nagusiak:
Telefono bidezko iruzurrak eta ordeztea (vishing)
Bankuko, Ogasuneko, Gizarte Segurantzako edo arazoren bat dituen senide baten plantak eginez deitzen dute. Transferentziak, kodeak edo joan-etorriak eskatzen dituzte dirua biltzeko. Adibide praktikoa: “zure txartela blokeatu egin da” baieztatzen duen eta SMS bidez iristen den kodea eskatzen duen deia.
Phishing/Smishing (posta eta SMS)
Ofizialak diruditen mezuak edo SMSak dira (bankua, enpresak…), eta PINa, pasahitza edo malwarea deskargatzen duen estekan klik egitea eskatzen dute. Amazon, Aliexpress edo DHL paketeen ustezko entregak ere ohikoak dira, iruzurrezko esteka batekin. Gainera, agian ezagunena eta erabiliena den horietako bat da seme edo alaba batek gurasoei laguntza ekonomiko eske idazten dionaren plantak egitea, mugikorra hautsi zaiolako.
Inbertsio-iruzurrak
Errentagarritasun handiko eskaintzak dira, baimendu gabeko plataformen edo inbertsioak sustatzen dituzten WhatsApp taldeak. Gainera, azken aldian gora egin du kriptomonetekin lotutako iruzurrek, eta lehen ekarpen txikiek galera handiagoak eragin dituzte.
“Sari” iruzurrak edo loteria
Sari bat irabazi duela dioten mezuak, eta kobratzeko “tasa” bat aurreratu edo bankuko datuak bidali behar dituela diotenak.
Iruzur “erromantzea” edo emozionala
Pertsona baten konfiantza irabaztea sare sozialen bidez, eta ustezko arazo mediko edo bidaia baterako dirua eskatzea. Ezin ditugu ahaztu hitzorduetarako aplikazioen bidez sor daitezkeen engainuak, gero mezuetara pasatzen direnak.
Atez ateko iruzurra edo mezulariak
Etxean aurkezten dira dirua, urrea, edo “billeteak aldatzeko” asmoarekin (askotan premiazko aitzakiak erabiliz) eskudirutan edo bilketa fisikoekin hustea bilatzen duen modalitateetako bat da.
Zaintzaileen edo senideen finantza-abusua
Baimendu gabeko transferentziak egin ditzakete, adinekoen borondateak manipulatu, edo presioa egin botereak edo salmentak sinatzeko.
Alarma-seinaleak
Zorionez, badira iruzur horiek detektatzeko abisuak edo “red flags”-ak, gaur egun esaten zaion bezala:
- Berehala jarduteko presioa eta presa: “gaur bakarrik”, “orain ordaintzen ez baduzu dirua galduko duzu”..
- SMS, gako edo pasahitz bidez iristen diren kodeak eskatzea: inoiz ez zaie pasahitzik eman behar hirugarrenei.
- Kontu pertsonaletarako ordainketak eskatzea, eskudirutan edo dirua bidaltzeko zerbitzuen bidez (adibidez, Bizum bat egin ezezaguna den norbaiti).
- Ustez iturri ofizialetakoak diren komunikazioetan akats ortografikoak edo susmagarriak diren estekak.
- “Errendimendu bermatuak” dituzten edo beste pertsona batzuk kontratatzeko eskatzen duten inbertsio-eskaintzak.
- Elkarrizketen historia ezabatzeko, kamerara sartzeko edo pantaila partekatzeko eskatzen duen mezuak.
- Eskaintza onegiak edo oso denbora gutxi irauten dutenak.
- Konfigurazioarekin “laguntzeko” gailuetarako edo pasahitzetarako sarbide fisikoa eskatzen duten pertsonak.
Prebentzio-neurriak
Hala eta guztiz ere, badira iruzurrak saihesteko eta zibersegurtasuna hobetzeko zenbait ekintza:
- Pasahitz sendoak: pasahitz luze eta bakarrak erabili.
- 2FA: aktibatu erakundeak edo enpresak eskaintzen duten guztietan. Gainera, beti hobeagoa da aplikazioak erabiltzea (Authenticator) SMSak baino, baina beti ahal denean eta funtzionamendua ezagutzen denean.
- Gailuak eguneratzea: sistema eragilea eta aplikazioak eguneratzea.
- Ez klikatu esteka susmagarrietan: egiaztatu esteka zuzenean nabigatzailetik eta ez jasotako estekatik.
- Telefono zenbakiak blokeatu eta zerrenda zuriak erabili: telefono finko eta mugikorretan, blokeo eta erantzungailu funtzioak aprobetxatu.
- Ez eman urruneko sarbiderik: ez utzi ezezagunari ordenagailuaren edo mugikorraren kontrola hartzen, eta beti harremanetan jarri hornitzaile ofizialarekin, kanal ezagunen bidez.
- Alertak konfiguratzea: SMS edo posta bidezko abisuak mugimenduen edo transferentzien aurrean.
- Eskudirua transferitzeko eta ateratzeko mugak: eragina murrizteko eguneko/asteko mugak adostea.
- Bankuarekiko komunikazioa: edozein zalantza izanez gero, moztu komunikazioa eta deitu zuzenean bankuaren telefono ofizialera (txartelan edo webgune ofizialean aurkitu dezakezu), inoiz ez iruzurgileak adierazten duenera.
- Finantza-segurtasuneko familia-plana: konfiantzazko pertsona bat izendatzea, eta, behar izanez gero, bankuan laburpenak hilero berrikustea.
- Prestakuntza-saioak: aurrez aurreko tailerrak egin (phishing-a, estekak ezagutzea, nola eskatu laguntza…).
Balizko iruzur baten aurrean jarduteko protokoloak
Hala eta guztiz ere ziberiruzur baten biktima bazara, urrats hauek egin behar dituzu, esaten dizugun ordenean:
- Zurekin harremanetan jarri den komunikazioa moztu, eta ez bidali diru gehiago.
- Berehala harremanetan jarri zure bankuarekin, eta eskatu txartela edo kontua blokeatzea eta, hala badagokio, transferentziak itzultzea (“eragiketen atxikipena” eskatu). Bankuak jarraibideak eman eta mugimenduak blokea ditzake.
- Pasahitzak aldatu eta aktibatu 2FA konprometituta egon daitezkeen kontuetan.
- Ertzaintzan, Polizia Nazionalean edo Guardia Zibilean salaketa egin (aurrez aurreko salaketa edo salaketa telematikoa aurkez dezakezu). Pausu hau lehenbailehen egiteak ikerketa eta funtsak berreskuratzeko aukera errazten du.
- Probak gorde: mezuak, telefono-zenbakiak, pantaila-irudiak, transakzioen identifikatzaileak...
- Iruzurra jakinarazi CNMVri, edo hala badagokio, zure autonomia-erkidegoko Batzordeari. Baimendu gabeko erakundeetan egindako inbertsioen kasuan, CNMVk alertak eta erreklamazio-zerbitzua eskaintzen ditu.
Laguntza-bideak
Erakunde hauetan jar dezakezu salaketa:
- Ertzaintzaren informatika-delituen unitatean.
- Polizia Nazionalean
- Guardia Zibilan
- Banco de Españan: banku-iruzurretik babesteko gidak eta gertakarien aurreko urratsak.
- CNMVn: “finantza-txosnei” buruzko alerta eta erakundeen baimenak nola egiaztatu.
- FACUAn eta OCUn kontsumitzaileen elkarteek ere lagun dezakete.
Jada erretiroan edo iristear bazaude, finantza segurtasuna merezi duzu. Ez bakarrik zure dirua balizko iruzurretatik babesteko, baita lan gogorreko hamarkadetan irabazitako aurrezkiak edukitzeko ere. Gogoan izan GEROAk horretan lagun diezazukeela.
- Jubilazioa
- segurtasuna
- etorkizuna