EU
ES
HITZORDUA
…ETA HOBEAK IRITS LITEZKE.
Albiste onak GEROA ereduarentzat. Eta, beraz, haren bazkideentzat. Duela gutxi, Euskadin dagoen ENPLEGUKO LEHENTASUNEZKO lehen BGAEa izatea lortu dugu. Horrek oso aldaketa txikia dakar gure izenean, baina ez du inolako aldaketarik eragiten gure funtzionamenduan. Ordea, gure egiteko moduari bultzada bat dakarkio, baita gure bazkideentzat zerga-tratamendua hobetzeko etorkizun bat ere. Bai erretirorako ekarpenak egiten ari direnentzat, bai dagoeneko errenta gisa prestazio bat jasotzen ari direnentzat.
Baina goaz pixkanaka albiste hau ondo ulertzeko. 2012an, Eusko Legebiltzarrak BGAE-ei buruzko lege bat onartu zuen. Lege horrek figura berri bat jasotzen zuen: Lehentasunezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak. Figura berri horretara pasatzeko eskakizunak zorrotzak ziren (ekarpenak enpresaren eta langilearen artean partekatzea, enpresa osatzen duten pertsona guztientzat izatea, eta ez gutxi batzuentzat bakarrik, iraupen luzeko errenta gisa jasotzeari lehentasuna ematea, heriotza, baliaezintasun edo ezintasun iraunkorreko kasuak ere estaltzea…). Dena den, eskakizun horietako gehienak bat zetozen GEROAn jadanik egiten genuenarekin.
Une horretan ez zen figuraz aldatzeko pausoa eman, ondorio praktikoetarako ez baitzuen inplikazio nabarmenik. Baina orain, Eusko Jaurlaritzak eta foru-ogasunek enpleguko lehentasunezko BGAEak pentsio publikoak osatzeko aurrezpen-eredu gisa sustatzeko behin eta berriz egindako adierazpenen ondoren, eta eredu horren bidez aurrezten dutenentzat fiskalitate hobea aurreikusita, gure izena aldatzeko urratsa eman dugu.
Urrats txiki baina irmoekin, duela 25 urte hasitako bideari jarraitzen diogu oraindik, Gipuzkoako langileek eta haien familiek etorkizunean bizi-kalitate hobea izan dezaten oinarriak finkatzeko helburuarekin. Eta profesionaltasuna, konpromisoa eta gizarte-erantzukizuna balio nagusitzat dituen proiektu partekatu baten bidez egiten dugu hori. Bide hori ez zen posible izango GEROA osatzen duten erakundeen laguntza konstruktiborik gabe: ADEGI eta Gipuzkoako sindikatuak. Aurten, gure 25. urteurrena ospatzen dugun honetan, gure bazkideei albiste on gehiago ematea espero dugu. Eta GEROA eredua erreferentzia eta inspirazio izaten jarraitu ahal izatea.