:: Geroa Pentsioak EPSV :: Albisteak: BAZKIDE LANGILEEK GEROARI BURUZ EGIN DUTEN BALORAZIO OROKORRA 7,43 PUNTURAINO IGO DA
BAZKIDE LANGILEEK GEROARI BURUZ EGIN DUTEN BALORAZIO OROKORRA 7,43 PUNTURAINO IGO DA
2018 UZT 27

Bazkide langileek GEROAri buruz egin duten balorazio orokorra 7,43 punturaino igo da


2017ko balorazio orokorra 10etik 6,87 puntukoa zenez, igoera nabarmena egon da aurten.



Aurten ere, bere bazkide langileen gogobetetasunari buruzko inkesta egin du GEROAk. Galdetutakoen iritzia jasotzeaz gain, xedea izan da erakundeak lantzen dituen arlo ezberdinen inguruko beren informazioa ezagutzea ere.

Inkestak agerian utzi duenez, galderei erantzun dieten langileek gogobetetasun oso baikorra agertu dute, bai jasotako arretari eta tratuari dagokienez (7,39) bai GEROAn sartzeko gomendioa hirugarrenei egiteko balizko aukerari dagokionez ere (7,70).



Langileek, zehazki, 10etik 7,43 puntuko gogobetetze orokorra agertu dute erakundearen inguruan.

Ekarpenak


Zentzu honetan, galdetutakoen % 68ak dio entitateari egiten dion ekarpena egokia dela. Nabarmentzekoa da ere % 29ak ekarpen handiagoa egin nahiko lukeela.



Honela, inkestan parte hartu duten lagunen % 41ak uste du pentsio publikoak % 15etik gorako osagarri bat behar duela arazo ekonomikorik ez izateko. 40 eta 55 urte bitarteko tartean daudenak dira, hain zuzen ere, osagarri-behar handiagoa ikusten dutenak (% 45).

Informazioa eta iritzia

Oraingoan, bere bazkide langileek duten informazioa zehatzago jakin nahi izan du GEROAk eta, ondorioz, beren iritziak jasotzeaz gain, erakundearen alderdi ezberdinen inguruan langileek duten ezagutzan ere jarri du bere arreta inkestak.

Azpimarratzekoa da langile gehienak (% 72) ez direla jakitun erretiroa hartzerakoan pairatuko duten erosahalmenaren galera handi horretaz. Eta, halere, % 87ak dio GEROAri ekarpenak egiten jarraitu nahiko lukeela entitateari atxikita ez dagoen beste enpresa batean lanean hasiz gero.



Bestalde, emaitzek diotenez langile gehienek (% 82) oso ondo ezagutzen dute egiten duten ekarpenaren zenbatekoa baina % 70ak baino ez daki Desgaitasun eta Heriotza egoerak ere estalita daudela.

Zentzu horretan, deigarria da %42ak ez duela arrisku-prestazioa ezagutzen; eta deigarriak dira ere zenbaiten uste okerrak: langabezia-prestazioa dagoela (% 27) edo 10 urte igaro ondoren erreskatea egiteko aukera dagoela (% 11).

Era berean, % 72ak ez du inolako ezagutzarik GEROAk Tokiko Inbertsioari eta Inbertsio Sozialki Arduratsuari dagokionez garatzen duen jardueraren inguruan, nahiz eta aipatu arloak oso garrantzitsuak izan erakunderako.



Komunikazio handiagoa eta hobea

Inkesta honetan, 2.438 bazkide langileren erantzunak jaso dira, metalaren sektorekoak gehienak; horrenbestez, inkestaren fidagarritasuna % 98,02koa izan da.



Emaitzek agerian utzi dutenez, alde batetik, pentsioak osatzea beharrezkoa delako uste usoa dute bazkide langileek eta, bestetik, GEROAk esfortzu handiagoa egin beharko luke bazkideekiko komunikazioari dagokionez, ezagutza falta handiagoa agertu duten arlo horien inguruko informazio egokia hedatu ahal izateko.