:: Geroa Pentsioak EPSV :: Jatorria - Historia
 

GEROA, HISTORIA APUR BAT

20 urteko garapenean, GEROAk aldaketa eta transformazio ugari izan du. Aldaketak egiteko unean, beti gogoan izan dugu bazkideen pentsioak hilero osatzeko, aurreikuspenaren kultura bultzatzeko eta EAEko industria-ehunaren sustapenean gure aletxoa jartzeko helburu nagusia.

1970. urtean aurkitzen dugu GEROA sorrarazi zuen hazia. Ekitaldi hartan sortu zen "Sidero osagarria", lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez ziren metalaren sektoreko langileen pentsioak aldizkako errenta batekin osatzeko langileek eta enpresek egindako ekarpena.

Zenbait urte geroago, 1995ean, Toledoko Ituna sinatu zen, ordurako aurreikusten ziren demografia-aldaketen ondorio ziren eta Gizarte Segurantzaren etorkizunean eragina izango zuten arazoei aurre egiteko asmoz.

Testuinguru horretan eta Sidero osagarriaren soberakinak baliatuta, 1996. urtean ADEGI eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Estatuan aurrekaririk ez zuen akordio batera iritsi ziren: akordio bat sinatu zuten, negoziazio kolektiboaren bitartez, GEROA sortzeko metalaren sektorean, Gipuzkoako industriaren erreferentziako sektorean. Hartara, Europa iparraldean pentsio osagarrien mailan zeuden jardunbide onenak ezarri zituzten.

Lehen urte horretan, sektore hori % 1,50eko ekarpenekin atxiki zen. Gaur egun, ekarpenak % 4,60 arte handitu dira. Geroztik, etengabeko atxikipenak izan dira, gaur egungo 20 sektoreetara iritsi arte. Izan ere, Gipuzkoako 3 langiletik 1i ematen dio estaldura eta hedatzen ari da gaur egun hain beharrezkoa dela nabarmentzen ari den aurreikuspen osagarria.

Baina bidea ez da beti erraza izan eta 2012. urtean Lan Erreformak zalantzak sortu zituen ekarpenen akordioen indarraren inguruan. 2013. urteak, alabaina, beste zedarri bat ezarri zuen GEROAren historian. Izan ere, ADEGIk eta sindikatuek GEROAri atxikitako sektore guztien ekarpenen derrigortasuna berretsi zuten, horien euskarri ziren akordioen analisi juridikoa egin ondoren.

Gizarte-ordezkariek (ADEGI eta 4 sindikatuak) bere garaian erakutsi zuten irekitasunari esker, erakundeak 20 urtetik gorako historian izan duen jardunbide egokiari eta elkar ulertzeari esker, eta 6 pertsonarekin hasi eta gaur egun 20 baino gehiagok osatzen duten taldearen lan nekaezinari esker, GEROA Estatu osoko gizarte-aurreikuspen sektorialaren erreferente bihurtzeaz gain, adibidetzat hartzen dute Europako hainbat herrialdetan, tokiko ekonomia indartzeko elementu bultzatzaile gisa, bere aktiboen zati bat euskal enpresetan inbertsioak egiteko erabiltzen du-eta.

GURE PRESTAZIOAK

GEROA sortu zenean, aurreikusitako estaldurak erretiroa, ezintasuna eta heriotzaren ondoriozkoak ziren, baina handik urtebetera, 1997an, lan-istripuaren ondoriozko arrisku-prestazio bat sartu zen. Hala, istripu horren ondorioz ezintasun absolutua, baliaezintasun handia edo heriotza gertatuko balitz, bazkideak 1.000.000 pezetako zenbateko finkoa jasoko luke. Lan-etapan izandako ezustekoak osatzeko lehen urratsa izan zen aldaketa hura.

2001. urtean kapital gehigarria txertatu zen bazkide langile aktiboaren ezintasunaren eta heriotzaren ondoriozko prestazioetan. Horri esker, erretiroa hartzeko adina bete arte egingo zituzkeen ekarpenen zenbatekoarekin osatzen da bazkidearen prestazioa.

Urte hartara arte, bazkideek metatutako zenbatekoak oso apalak ziren, baina kapital gehigarri hori sartu izanak ahalbidetu zuen prestazioak errenta moduan ordaintzeko aukera sartzea, GEROAren funtsezko filosofiari jarraikiz, hau da, gure bazkideek pentsiodun direnean jasaten duten erosahalmen-galera konpentsatzeko asmoz, Sidero osagarriak markatzen zuen moduan.
Haien zenbatekoa etengabe bilakatu da hasierako 60 euroetatik gaur egun aurreko urteko gehieneko ekarpenarekin bat etorri arte.
Harrezkero, hori izan da erakundearen ordaintzeko modu lehenetsia. Hala ere, lehen urte horietan, kasu gehienetan kopuruek ez dute aukerarik eman gure langileen bizi-itxaropena estaltzeko moduko errentarik sortzeko. Hori dela eta, prestazio gehienak, salbuespen gisa, kapital moduan ordaindu behar izan dira.

Gipuzkoan bizi-itxaropena Estatuko batezbestekoa eta, hortaz, erabilitako kalkulu-ereduetako batezbestekoa baino handiagoa bada ere, ordu arte sortutako errenten biziarteko izaerak mesfidantza sortzen zuen GEROAko pentsiodunen artean, eskubide guztiak kobratu baino lehen hilko zirela uste zuten-eta.

Horregatik, 2015. urtean aldaketa bat egin zen prestazioak ordaintzeko moduan, erakundearen filosofia ezertan aldatu gabe. Hala, aldi baterako errenta moduan ordaintzen hasten dira, metatutako zenbatekoek gure bazkideak gutxienez 20 urtez estaltzea ahalbidetzen dutenean, aldi hori gure lurraldean 65 urterekin izaten den bizi-itxaropenaren antzekoa baita. Eredu berri horretan, bazkideak edo haren onuradunek beti kobratuko lituzkete aurrezki guztiak.

INBERTSIOA

Gure erakundearen funtsezko ezaugarrietako beste bat EAEko industria-ehuna sustatzea da, geure erreferentziako zonan bertan aberastasuna eta enplegua sortzeko asmoz. Helburu horrekin bat, 1999. urtean GEROA euskal enpresetan zuzeneko inbertsioak egiten hasi zen, betiere kontuan harturik, indarreko araudiari jarraikiz, GEROAren inbertsio gehienak merkatu kotizatuetan egiten direla eta une oro errentagarritasun-arrisku binomioa zainduta.

GEROAren ahaleginak ez dira bere bazkideen esparruan bakarrik geratzen. Horregatik, 2002. urtean, ELKARKIDETZArekiko aliantzaren barruan, ORZA eratu zuen, merkatu kotizatuak helburu ez dituen inbertsioa haren bitartez bideratzeko. Lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-proiektuetan inbertitzeaz gain, horiek kudeatzeko aholkularitza eta laguntza eskaintzea da ORZAren indarguneetako bat. Aliantza horren sendotasunari esker, ORZA finkatu ez ezik bere negozio-lerroak hedatzen ari da, tamaina txikiagoko enpresa-proiektuei ere estaldura emateko.
Bide horri jarraikiz, eta Gipuzkoako enpresen ekintzailetza eta berrikuntza babesteko konpromisoa indartuz, 2016. urtearen amaieran 2 jarduketa-ildo berri aurkeztu zituen GEROAk, ADEGIrekin, sindikatuekin eta ELKARGIrekin lankidetzan: lehenik, enpresa berri horien kapitalean inbertitzea, eta, gero, haien jarraitutasuna eta errotzea ahalbidetzea. Halaber, 2018. urtean bertako enpresentzako kreditu-lerro berri bat gehitzen zaio 2013. urtean bazkide ekintzaileentzat hasitakoari.

INBERTSIO SOZIALKI ARDURATSUA

2015. urtearen amaieran, eta GEROAren gizarte-konpromisoarekin aurrera jarraituz, erakundeak bat egin zuen UNPRIrekin (inbertsio sozialki arduratsuaren printzipioak), eta horrek behartzen du inbertsioak gizarte-erantzukizuneko irizpideetan oinarritzera.

Harrezkero aurrera jarraitu dugu gure konpromisoan. Ildo horretan, 2016. urtean gure inbertsio sozialki arduratsuaren politika propioa sinatu dugu eta gure inbertsioak haztatzeko ez ditugu irizpide ekonomikoak bakarrik erabili; aitzitik, garrantzi berezia eman diegu gizarte-irizpideei, hots, ingurumenari, gobernu korporatiboari eta gizarte-erantzukizunari.
Izan ere, uste osoa dugu GEROA finantza-merkatuez baliatzen den erakundea dela baina helburu nabarmenki soziala duela.

AITORPENAK

GEROAk aitorpen ugari jaso du historian zehar, bere gizarte-helburuarengatik, izaera paritarioarengatik, estaldura zabalarengatik, tokiko inbertsioan egin duen ahalegin bereziarengatik eta erdietsi dituen emaitza ekonomikoengatik, eta erreferentziako erakundea da, inongo zalantzarik gabe, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Estatuan.

Baina gure tokiko DNA ez da oztopo izan nazioartean ere aitorpena lortzeko. Horiek horrela, 2014. eta 2018. urteetan GEROAk ospe handiko IPE (Investment & Pensions Europe: Europako pentsioei buruzko argitalpenetan liderra) aldizkariaren sariak jaso zituen, erakunde sektorial gisa betetzen zuen eginkizun aitzindaria goraipatzen zutenak, kudeaketa ona eta gastu murritzak nabarmenduta.